lunes, 29 de enero de 2007

Mazedoniako eguzkia Skopjen dago

Atzo gauez iritsi nintzen hotelaren funtzioak egiten dituen etxe pribatu honetara. Bertako andrearen ingeles eta alemanaren arteko dialekto berrian prezioa adostu ostean, leher eginda nire gorpua ohera erortzen utzi nuen. Egunsentiarekin batera begiak ireki eta arretaz begiratu dut logela. Goodbye Lenin! filmetik ateratako dekoratua nire begien aurrean azaldu da. Pareta horituetan Tito burkidearen argazkia bilatzen saiatu naizen arren ez dut topatu: lastima Iker itxaron egin beharko duzu!
Portaleko atea ireki eta denboraren tunela pasa dut. Kalean berriz ere XXI. mende gordinarekin tupus egin dut, edo hori iruditu zait kaleko umeak ikusi ditudanean. Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika Ohiaren plazan musika jo eta tarteka kola esnifatzen dute haur ijito batzuek. Postalak atsekabetu egin nau eta alboko merkatal gunean sartzen diren pertsonak gorrotatu ditut une batez. Nire burua gorrotatu behar al nuen ba?

Kale eta elizetan barrena egin dut eta gaur egungo Mazedonia independientea Jugoslaviaz ahazteko prest ez dagoela konturatu naiz. Behintzat hori pentsa daiteke kaleko izenei erreparatuta; Karl Marx edo Maxim Gorki kaleak, Proletarioen bulebarra, Partisanoen etorbidea... eta Tito?

Astiro baina ohartu gabe igaro dut Vardar ibai gainetik pasatzen den zubi zaharra. Berriz ere, salto batean paisaia guztiz aldatu da eta auzo turkiar zaharreko kale estuetatik sigi-saga ibili naiz. Meskiten otoitzek ez dute denda txiki ugarien zarata isilarazi. Ni ordea mututu egin naute. Kale bazter batean jendearen joan etorriari so geratu naiz. Segidan hiri zaharra dagoen muinora igo naiz aberria irudikatzen duen emakumearen estatua ikusteko: bere alboan Mazedoniako bandera eta bandera gorria daude. Orduan konturatu naiz Mazedoniak bi eguzki dituela eta horietako bat Skopjen dagoela.          

Harresi zaharra inguratu eta jaisterakoan, Tito Brozen kalea aurkitu dut (azkenean!). Josip Broz hil zen eta berarekin Jugoslavia batuaren ametsa, horretaz jabetu naiz bere izena daraman kalean Kalkultako Ama Teresaren omenezko estatua bat dagoela ikusi dudanean. Barreari eutsi ezinik burura etorri zait: zer arraio egiten ote du Santu izendatutakoaren estatuak deskomuniatutako lider komunistaren kalean? Ez nuen gutxiago espero mazedonia bat den hiriburutik. 

2 comentarios:

  1. balkanek halako sorpresak ematen dizkigute..ama teresa Skopjen jaioa zen...bazaar zaharraren atzeko merkatutik paseatzeaz ez ahantzi..inguruko nekazarien fruiturik goxoenak bertan daude! egiazko mazedonia bat!

    ResponderEliminar
  2. Beti erakarri naute pilo bat paraje horreik. Baina benetako paraje horreik, ez Iberia Bidaien posterretan agertzen diran moduan. Gerraosteko kakanahaste horreik inpaktanteak izan behar direz "herrialde aberatsetakoentzat", ezta?

    ResponderEliminar