jueves, 8 de marzo de 2007

Thessalonikki halabeharrez

Orient Expreseko geltokira lagundu didate Fabrizio eta Nicolak. Agurren unea iritsi da. Hemen Istanbulen bakoitzak bere bideari jarraituko dio. Iragan dira Turkia zeharkatzen elkarrekin emandako egunak. Fabriziok azken momentuko hegaldi bat eskuratu du Milanera, eta Nicola Varna izeneko Bulgariaren kostaldeko hiri turistikora doa nazioarteko auzolandegi batera. Nik Belgradera itzultzeko asmoa dut, txundituta utzi baininduen.
Txartelak saltzen diren leihatilara hurbildu gara eta azken orduko sorpresa batekin egin dugu topo. Dirudienez Bulgariako trenbideak obretan daude eta beraz Istanbul-Sofia-Belgrad linea ez dabil. Segituan urduri jarri eta gaizki esaka hasi naiz. Horrelakoak azken momenturarte itxaroteagatik gertatzen zaizkit! Fabriziok ni lasaitzea lortu du. Sofiara autobusean joatea baztertu eta Salonikara joan behar dudala erabaki dut. Beste behin inprobisatu behar! Handik Serbiarako trenak egongo dira seguruenik. Orain bi urte interrailean genbiltzala Greziar Mazedoniako hiriburua bisitatu genuen Gorkak, Xabatek eta nik. Garai hartan Ljubljanara zihoan trena galdu ostean derrigorrez geratu behar izan genuen gaua pasatzera. Han emandako 24 ordu luzeak ilunak izan ziren. Gogoan dut itsasontzi gabeko Paralia izeneko kai amaigabea, kotxeak eta bero heze itsaskorra.

Fabrizio eta Nicolari zorte ona opa diet eta elkarrekin Salonikara eramango nauen treneko bagoian argazki bat atera dugu oroigarri modura. Poliki-poliki urruntzen ikusi ditut beraien aurpegi tristeak.

Goizeko zazpietan Marcus jatorri greziarreko mutil alemanak hitzartu nau. Gauzak hartu eta geltokira irten baino lehen agurtu dut bera. Zaindegian motxila utzi eta greziarren Thessalonikki birdeskubritzeari ekin diot. Hirigunera zuzenean ibiltzen joan naiz aurretik ezagututako leku batek ematen duen lasaitasunari esker.

Hiri berri hotz baina sutsua da Salonika. Erromatarraren garaian hiri oparoa  izandakoa, gaur egun ere hala izaten jarraitzen du. Greziako bigarren hiri handiena eta kosmopolitena da. Zerikusi gutxi du Atenasekin. Athina handia monumentu ikusgarriez osatua dago, Salonika ordea ez: aztarna arkeologikoen egoerak ez dio irudimenari tarterik ematen. Dena den badira estilo bizantziar, otomandar edo judutarreko monumentuak eta hauen artetik lasai asko paseatu daiteke mediterranear itsasoko kresalak masailetan jotzen dizun bitartean.

Zentrora iritsi berria zerbait edatera gelditu naiz gazte koadrilak eserita dauden plaza batean. Pintadek goitik behera betetzen dituzte inguruko paretak. Bat-batean Salonikan duela bi urte ospatutako Europako estatu buruen Gailurrean izandako istiluetaz gogoratu naiz. Noski! ordukoak izan behar dute pintadek. Istiluetan 200 lagun baino gehiago atxilotu zituzten eta zazpi anarkistak oihartzun handiko gose grebari ekin zioten.

Plaza atzean utzi dut ez ordea duela bi urteko protesten oihartzuna. Aldarrikapen oihu horiek gauean tren estaziora nirekin eraman ditut bueltan. Irribarre batez neure buruari galdegin diot: zeinek dio bigarren parteak onak ez direnik?

2 comentarios:

  1. Harritu naute Greziako pintadek; duela bi urte Athenas bisitatu nuenean bat ere ez nuelako ikusi... ze onak diren bigarren parteak! :D

    ResponderEliminar
  2. Ba bigarren aldia izango zen ona... lehendabizikoa behintzat... Gogoratzen Iker, Thessalonikkitik irten eta Ljubljanaraino 26 orduz trenetik irten gabe egon ginenekoa? Puff...

    ResponderEliminar